Regata Académica

Deustuko Unibertsitateak Urumeako Estropada Akademikoaren bigarren edizioan parte hartuko du

Urriaren 18 eta 19ko asteburuan izango da Urumeako Estropada Akademikoaren bigarren edizioa Donostian. Arraunketa olinpikoa da mundu osoan unibertsitateko bizitzara lotuen dagoen kirola, batez ere Europan, Ipar Amerikan eta Australian. University Boat Race, Tamesis ibaian Oxford eta Cambridgeko unibertsitateen artean egiten den lemazaindun zortziko estropada (8+) da, seguru asko, denetan ospetsuena. University Boat Race estropada bi ikaslek pentsatuta sortu zen, eta lehenengo edizioa Henley on Thames-en izan zen, 1829ko ekainaren 10ean. Estropada Akademikoa 2013an sortu zen, Londreseko erronka haren antzera, baina hezkuntza eta kultura ekitaldiekin osatuta: kirola (estropada bera, lehia gisa), hezkuntza (estropada, prestakuntza humanistikoko elementu gisa) eta kultura (estropadari lotutako kirol eta kultura jarduerak). Bigarren edizio honetan bost unibertsitatek hartuko dute parte: EHUk, Deustuko Unibertsitateak, Nafarroako Unibertsitateak (Tecnun), Mondragon Unibertsitateak eta Pau et des Pays de l’Adour-eko Unibertsitateak.

1. KIROL ATALA:

Estropada gizonezkoen zortzikoteetan (8+) eta emakumezkoen lauko sculletan (4X) egongo da antolatuta, 5 unibertsitateetako ordezkariekin. 90 arraunlarik parte hartuko dute. Estropada Urumea ibaian izango da, 2014ko urriaren 19an, 12:00etan, eta bi fase izango ditu:
1. fasea. 1,35 itsas miliatan (2.500 metro), Ur-Kirolak zubitik Gipuzkoa edo María Cristina zubiraino, erlojupeko modalitatean.
2. fasea. 500 metroko esprintak, Mundaiz zubitik Gipuzkoa edo María Cristina zubiraino. Kanporaketak eta finala.

2. HEZKUNTZA ATALA: estropada, prestakuntza humanistikoko elementu gisa. Kirolaren bidezko prestakuntza. Urriaren 18an, larunbatean, Donostiako Aquariumeko anfiteatroan mintegi bat egongo da, estropada olinpikoaren oraina eta etorkizuna, eta unibertsitatean duen garrantzia jorratzeko. Parte hartzen duten unibertsitateetako errektoreordeak izango dira bertan: José Javier Pardo Izal, Deustuko Unibertsitateko Donostiako campuseko errektoreordea; Iñigo Puente, Nafarroako Unibertsitateko Ingeniari Eskolako zuzendaria; Jon Altuna, Mondragon Unibertsitateko errektoreorde akademikoa; David Bessieres, Pau et des Pays de l?Adour-eko Unibertsitateko Nazioarteko Harremanetako errektoreordea; eta Ana Arrieta Ayestaran, Euskal Herriko Unibertsitateko Gipuzkoako campuseko errektoreordea. Azken hori izango da mintegiaren aurkezpenari amaiera emango diona.
Unibertsitateek beren poza adierazi dute kirol, prestakuntza eta integrazioko ekimen honengatik, unibertsitateak hirira eta herritarrengana hurbiltzen baititu. Proiektuak, gainera, gure unibertsitateak estropadaren bitartez lotzeko balio du; izan ere, collegen arteko lehen kirola baita eta Europan, Amerikan eta Ozeanian sustrai sendoak baititu. Lourdes Odriozolak, itsas arloko historialariak, ibaiaren garrantziaz hitz egingo du, ekonomia eta gizarte mailako garapeneko elementu gisa. Aparteko eran aipatuko du Gipuzkoan ibaiek izan duten garrantzia historian zehar eta etorkizunari begira izan dezaketena. Atsedenaldi labur baten ondoren, José Manuel González Aramendik, Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleak eta Estropada Akademikoko zuzendariak, arraun olinpikoaren jatorriaz eta edertasunaz hitz egingo du, arraun olinpikoaren alderdi fisiologikorik garrantzitsuenez eta kiroletan arau etikoak mantendu beharraz, ez bakarrik kirolaren gardentasuna zaintzeko, baita prestakuntza eta gizarte kohesioko elementu gisa ere, horixe baita estropada akademikoaren funtsa eta xedea. Jardunaldiari amaiera emateko, mahai-inguru bat antolatu da. Parte hartzaileak hauek izango dira: Ricardo Unzueta (Ur Kirolak taldeko presidentea), Benito Elizalde (munduko txapeldun ohia), Laurent Irazusta (Aviron Bayonnais-eko presidentea), Reyes Cámara (esperientzia handiko arraunlaria), Txisun Altuna (munduko txapeldun ohia) eta Ibon Urbieta (olinpiadetan aritua eta Orioko entrenatzailea). Azalpen labur batzuen ondoren, eztabaidarako txanda zabalduko da, entzuleek ere parte hartzeko modua izango dutelarik.

3. KULTURA ATALA: estropadari lotutako kirol eta kultura jarduerak. Arraun egiten ez duten ikasleen eta herritarren partaidetza sustatzeko, bi jarduera antolatuko dira arraun olinpikoarekin eta kirol-balioekin lotuta:

-Irudien lehiaketa bat. Estropada Akademikoa, arraun olinpikoa eta kirol-balio unibertsalak. Argazkiak, marrazkiak eta konposizioak.

-Komunikazioko lehiaketa bat. Gaia: Estropada Akademikoa, arraun olinpikoa eta kirol-balio unibertsalak. Saioak, ipuin laburrak edo olerkiak. Gehienezko luzera:1500 hitz.

Lehiaketen oinarriak eta estropadari buruzko informazio guztia, web orri honetan dago: http://estropadaakademikoa.wordpress.com. Eta Facebooken, estropadaakademikoa profilean. Epaimahai batek balioetsiko ditu aurkezten diren lanak, eta 3 onenei sariak emango dizkie, kalitate estetikoa eta emandako tratamenduaren zorroztasuna kontuan hartuta.

KLUBAK, ESKIFAIAK, ONTZIAK ETA ARBITRO-EPAILEAK

Antolaketan konpromisoa hartuta duten klubak: Ur-Kirolak Donostia-Arraun Lagunak.

Laguntzaileak: Hondarribia A.E. C.R.O. ORIO Santiagotarrak Aviron Bayonnais

Gipuzkoako Arraun Federazioak baimenak eman eta epaileak jarriko ditu. Donostia Arraun eta Ur-Kirolak klubek estropada kontrolatzeko ontziak, instalazioak eta balizak jarriko dituzte. Estropadaren kartela

Posted in Jarduera fisikoa eta kirola, Albisteak.

One Comment

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *